Historia (laburra)

bakunin-batailoia-cnt

Bakunin batailoiko miliziano anarkistak, San Pedron (iturria: Tabernilla & Lezamiz 2007)

Zergatik industu San Pedro mendian?

San Pedro mendia, Urduña (Bizkaia) eta Amurrio (Araba) artean, kokagune estrategikoa zen Gerra Zibilan.

mapa2-copia

1936ko uztailaren 18an, Gasteiz militar altxatuek hartu zutenean, errekete tradizionalistek gune honengana jo zuten. Nahiko azkar, nolabaiteko frontea osatu zen: Untzaga-Uzkiano-Altube inguruan altxatuak ezarri ziren, Urduña eta Aiaraldea osoa errepublikarren esku geratu zen bitartean. Uda horretan zenbait borrokaldi txiki eman ziren zonalde honetan, baita susto ederrak ere. Esaterako, abuztuaren 4ean, Gasteizko militarrek erasoaldi azkar bati ekin zioten Urduñako autoritate errepublikarren aurka eta ia-ia herri osoa hartu zuten ordu batzuen tartean. Hala ere, “susto” bat baino ez zen izan eta fronte-lerroa jatorrizko mugetara itzuli zen.

1936ko-frontea

1936ko frontea (urdinez: altxatuak; gorriz: errepublikarrak) (iturria: San Pedro 1936-1937).

San Pedro mendiko inguruak izan ziren ihesaldietarako eszenatoki nagusiak. Bando batetik bestera igarotzeko, artzainek bidezidor ezkutuak ezagutu eta zeharkatzen zituzten, gerrako beharrek nola edo hala baldintzaturik.

imagen-50-copia

Zona errepublikarretik ihes egindakoak, Untzagan (Araba, 1936an) (iturria:Víctor Sierra-Sesúmaga)

Iturri dokumentalen kontraesanak edo zehaztasun arazoak direla eta, ez dakigu zehazki une honetan zenbateraino gotorturik zeuden erreketeen posizioak San Pedron eta hau da indusketa hauetan argitzen saiatuko garen auzietako bat.

Dena dela, 1936ko abenduan, Agirre lehendakariaren Euzko Jaurlaritzak hogei batailoi baino gehiago mobilizatu zituen Gasteiz erasotzeko. Ekintza honen helburua bikoitza zen: alde batetik, Madril errepublikarra jasaten ari zen erasoaldi frankistaren presioa arintzea; eta bestetik, Miranda Ebroraino heldu eta bertan Francoren menpeko trenbide-zentro nagusienetako bat konkistatzea.

147

Jatorrizko operazio-plana (iturria: Aguirregabiria 2014).

Ekintza militar honek, ostera, “Legutioko erasoaldia” edo “Batalla de Villarreal” izena jasoko zuen. Milaka gudari eta milizianoak ezin izan zuten aurrera egin eta Legutioko goarnizio frankistaren erresistentzia fanatikoak aurre egin zien.

1936ko abenduaren 5ean, Legutio inguruko ekintzek arrakastarik ez zutela ikusita, frontearen beste sektore bat erasotzea erabaki zuten: San Pedro mendia. Gudari abertzaleek, miliziano sozialista, anarkista eta komunistekin batera, erreketeen kontrako erasoaldiari ekin zioten. Hainbat egunez, hamarnaka hildako erregistratu ziren gaur zelai baketsuez osatutako paisaia bukoliko honetan. Benetan latzak izan omen ziren gailur hauek kontrolatzeko emandako borrokaldiak.

1936-abenduak-5

San Pedroko erasoladia (iturria: San Pedro 1936-1937).

Indar errepublikar leialek euren kokaguneak gotortzeari ekin zioten negu horretan. Hainbat hilabetez, frontea nolabait egonkortu zen. Orduantxe eraiki omen ziren gaur egun ikusten ditugun egitura gehienak: lubakiak, tiratzaile-postuak, ametrailadore-habiak, gotorlekuak, etab.

gotortze-lanak-san-pedro-cnt

Bakunin batailoiaren Olmos komandantea, San Pedroko gotortze-lanetan (iturria: Tabernilla & Lezamiz 2007).

Panorama nahiko lasaia izan zen hilabete luzez, 1937ko udaberrira arte. Orduan, Mola jeneralak Bizkaiako kanpainiari ekin zion: Durango eta Gernikako bonbardaketak, Otxandioko frontearen haustura, Sollubeko borrokaldiak, Bilboko Burdin Hesiari erasoaldiak, etab. 1937ko maiatzaren azken egunetan, alemaniar eta italiar tropa, kanoi eta hegazkinen laguntzarekin, Francoren Ejertzitoak San Pedro erasotu egin zuen. Gerra modernoaren baliabide latzenek erresistentzia antifaxista suntsitzea lortu zuten. Gudari eta milizianoek alde egin behar izan zuten: batzuk erbestera, beste batzuk espetxeetara, eta beste batzuk ere, borrokarekin jarraitzera. Handik gutxira Bilbo konkistatua izan zen (ekainaren 19an) eta euskal fronte osoa desagerrarazia izan zen.

1937ko-maiatza

1937ko maiatzaren erasoaldi frankista (iturria: San Pedro 1936-1937)

Gauzak horrela, antza, San Pedro mendian Gerra Zibilaren hainbat fase eta prozesu historiko aurki ditzakegu, estratifikaturik:

  • 1936ko uda: erasoaldi txikiak eta lehenbiziko operazioak.
  • 1936ko abendua: “Legutioko guduaren” operazioetako bat (erasoaldi errepublikarra).
  • 1937ko urtarrila-maiatza: gotortze-lanak.
  • 1937ko maiatza-ekaina: erasoaldi frankista, alemaniar eta italiar baliabide modernoenekin eta euskal frontearen erortzea.

Hala ere, indusketa hauen bidez, bi bandoen arteko konparaketa kritikoak egiteko aukera izango dugu, hainbat arlotan gainera: ideologikoki (esaterako, anarkistak versus erreketeak) edota teknologikoki (lubaki soil eta fusil zaharretatik, hegazkinen eta tankeen gerra modernora).

img_20160603_201327

Galeria-babesleku errepublikar baten sarrera, gaur egun (iturria: San Pedro 1936-1937)

img_7884

San Pedroko lubakiak, gaur egun (iturria: San Pedro 1936-1937)

San Pedro mendiaren historia (labur) honetan, Gerra Zibilaz idatzitako bertsio ofiziala baino ez dugu azaldu. Zenbat istorio eta gertaera ez ote aurkituko hurrengo asteetan? Bidaia malkartsua izan daiteke, baina saiatuko gara…

Bibliografia

-Aguirregabiria, J. M. (2014): El frente de Álava (II): la Batalla de Villarreal de Álava. Ofensiva sobre Vitoria-Miranda de Ebro. Noviembre y diciembre de 1936, Beta III Milenio, Bilbo.

-Tabernilla, G. & Lezamiz, J. (2007): Cecilia G. de Guilarte, reporter de la CNT. Sus crónicas de guerra, Beta III Milenio, Bilbo.

Advertisements