Porrotaren zapore mingotsak: Bilboko galeraren 80. urteurrena

1937

Soldadu frankistak Bilbo itsasadarra zeharkatzen ontziz egindako zubi batetik, 1937ko ekaina

2017ko ekainaren 19an, gaur duela 80 urte Bilbo frankistek konkistatu zutenetik. Pasarte historiko hau euskal frontearen azken kapitulu gisa ulertzen ohi da: Euzko Jaurlaritzak bere hiriburua galdu zuen, milaka errefuxiatuk erbesterako bidea hartu behar izan zuten eta Euzko Gudarostearen errendizioa laster emango zen. 2016tik dozenaka urteurren ospatu izan ditugu, baina “azken episodio” honen gogorapenarekin, dena amaitzen al da? “Urteurrenitis” delakoaren mugara iritsi ote gara? Ez al dago beste zeozer egiteke?

Gaztelumendi

Burdin Hesiko metrailadore-habi errepublikar baten suntsipena, Gaztelumendi inguruan (1937ko ekaina)

1937ko martxoaren 31n, Mola jeneralak Bizkaiko kanpaina martxan jarri zuen. Lehenbizi, Araban, Albertia eta Maroto mendietan, Kondor Legioak eta Brigada Nafarrek euskal fronte errepublikarra hautsi zuten, gerra modernoaren lehenengo adibide lazgarri gisa. Handik gutxira frankistek Otxandio hartu zuten eta konkisten ezberdinen zerrenda odoltsua osatuz joan zen hurrengo hilabetetan. Bonbardaketak ere nonahi eman ziren eta hauek marka sakona utzi zuten biztanleria zibilarengan. Azkenik, 1937ko ekainean, Francoren tropek Burdin Hesia hautsi egin zuten Gaztelumendi inguruan. Hilaren 19an, erreketeak Bilboko kaleetan sartu ziren. XIX. mendeko gerra zibiletan lortu ezin izan zutena buruturik ikusi zuten txapelgorridun indar hauek.

rubio

Martínez Alberto, “Bilbo sartu zen lehen erreketea”, propaganda frankistaren ikur gisa.

Bilbok alkate berria izan zuen ekainaren 19 horretatik aurrera: José María de Areilza y Martínez de Rodas (1909-1998), Mutrikuko kondea, euskal oligarkia eskuindarraren arketipoa, Erregimenean zehar kargu politiko ezberdinak izango dituena (esaterako, Nazio Batuetan ordezkari gisa) eta Trantsizioan “demokrata” gisa agertuko dena. Erakunde errepublikarren garbiketa laster hasi zen. Izan ere, gehientsuenek jada ihes egin zuten. Mola jeneralak, ofentsiba ikaragarri hau hasi eta zuzendu zuen “heroiak”, ezin izan zituen garaipenaren loriak dastatu: egun batzuk lehenago, ekainaren 3an, hegazkin istripu batean hil izan zen. Hala ere, modu sinboliko batean, Molak ere Bilbo hartu zuen.

img-3

Mola jeneralaren bustoa, Arenalean (1937)

Garai horretako L’Illustration aldizkari frantziarrak ondo jaso zuen bezala, tropa frankistek Bilbon hartutako lehenengo neurrietako bat Mola jeneralaren omenez busto bat ezartzea izan zen, non eta Arenalean, hiriko erdigunean. 2003an, estatubatuarrek Irakeko Gerran Saddam Hussein-en eskultura bota zutenean bezala, keinu sinboliko batek gerrari “amaiera” eman zion 1937ko Bilboko hirian ere.

370619-4

Eusko Gudarostearen kide izandako presoak Bilboko konkistaren ondoren

2017ko udaberri honetan zenbait urteurren ospatu izan ditugu, batez ere Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian. 80 urte pasa dira ofentsiba frankista eman zenetik eta porrotaren zapore mingotsetatik lezioak ateratzeko esfortzu kolektiboa egin dugu. Bilboko galeraren urteurren hau azkenekotzat har daiteke, neurri batean, euskal frontearen azken episodio gisa hartzen den neurrian. Hala ere, hainbat gertakari historiko gogoan izateko premia izaten jarraitzen dugu: konkista honen ostean hasi baitziren erbestea, kartzela, derrigorrezko lanak, isilpeko ahotsak ia guztiz zapaldurik…

4282_m

Burdin Hesiaren apurketa omentzen zuen ikur frankista Gaztelumendin.

Gaur egun “post-egia” delakoaz hitz egiten dugun bezalaxe, 1937az geroztik, Francoren Erregimenak memoria kolektiboaren manipulazio masiboari ekin zion. Bertsio ofizial bat finkatzeko premia zegoen, Espainia Nazionala delakoak bere zilegitasuna garaipen militarrari eta izuari lotuta baitzegoen. Guzti hori gure paisaian txertatuta dagoen oraindik ere, neurri batean ala bestean. Gaur egun ere “Garaipenaren Paisaia” frankistaren aztarnak antzeman daitezke euskal lurraldean.

Gaztelumendi (Guerraenlauniversidad)

Gaztelumendiko monumentua gaur egun,

Dirudienez, batez ere Gogora Institutua delakoaren eskutik, elementu material guzti horiek erregistratzeko nahia dago. 2008an ikur frankisten katalogo bat egin zen, baina seguruenik gaurkotze-lana egin beharko genuke. Lortutako informazio guzti hori, gainera, kudeatu beharra dago… Herritarren esku utzi beharko da elementu horien kudeaketa, era parte-hartzaile batean. Dena dela, gure apustua ere honakoa dela argi utzi behar dugu: Gerra Zibilaren arkeologiak landuz, bai fosa komunen esparruan baita gerra-eszenarioetan ere, Francoren Erregimenak lurraldean (eta lurrazpian) finkatutako “egia” deseraiki dezakegu eta, honekin batera, egia objektiboak baina inolaz ere neutralak eraiki. Hau da, euskal gizartearentzat baliogarriak izan daitezkeen egiak sor daitezke lan arkeologikoaren bidez, etikoki eta politikoki premiazkoa dugun “kontra-arkeologia” moduko bat landuz.

SONY DSC

“Garaipenaren Paisaia” deseraiki nahian. San Pedro mendiko indusketa arkeologikoak (2017ko maiatza).

Hainbat elkarte lokal eta udalen eskutik, zenbait ekimen martxan jarri izan dira azken urteotan “ondare deseroso” guzti hau kudeatzeko. UPV-EHUren partetik ere, lehenbiziko pausoak ematen ari gara, nahiz eta Akademia zurrun eta gris baten oztopoak nonahi izan… Gure konpromisoak progresiboki gorpuztuz doaz azken urteotan, batez ere San Pedro mendiko proiektu arkeologikoaren eskutik, baita Arabako frontearen katalogazio lanari ekinez ere. Orain arte, herriz herri egindako “arkeologia militantea” besterik ez dugu izan, emaitzak gehienetan sozialki esanguratsuak izan direlarik, baina… unea da erakunde publikoen partetik ere arkeologia militante horretatik lezioak ateratzeko.

IMG_2844

Ate Irekien Jardunaldia San Pedro mendian (2017ko maiatzak 27) (irudia: Aiaraldea Gaur).

80 urte pasa dira 1936-37ko Gerra eman zenetik. Horrek zera esan nahi de: progresiboki, gatazkaren memoria bizia galtzen ari da eta, gero eta gehiago, ahozko historia jada galduta dagoen heinean, dokumentuen eta objektuen bidezko begirada baino ez zaigu geratzen. Nola transmititu guzti hau belaunaldi berrietako partaideen artean? Argi dago ez dela izango “iraganaren fribolizazioaren” eskutik edota “historia neutral” bat egiteko gurari hutsetik. Gaur egungo ardatz politiko, ideologiko eta kulturalak ulertzeko hain erabakigarria izan zen gertakari historikoa, perspektiba ekintzaile eta engaiatu batetik landu beharra dago. Laborategi bata zuria, neutraltasunaren ikur hegemoniko hura, astindu eta zientzia militantea martxan jartzeko premia dugu, herritarrekin eta herritarrentzat.

Urteurrenekin ez da lana amaitzen, asko dugu egiteko eta!

Josu S.

(San Pedro 1936-1937 proiektuko kidea).

Advertisements
Post hau artikulua atalean eta , , , , , , laburpen hitzekin publikatua izan da. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s