
San Pedroko lubaki baten barneko ikuspegia (iturria: Josu S.)
Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU-UPV) leloa honakoa da: “eman ta zabal zazu”. Baina, Gatazkaren Arkeologia praktikatzen dugunean, “egurra eman ta zabal zazu” leloa aproposagoa dela pentsa daiteke. Gaur, gerra modernoaren “geopolitika bertikala” dugu hizpide.

Bakea jaun eta jabe: arratsaldero bisitatzen gaituzten behiak (iturria: Laia G. V.)
1936ko Gerra gure lurraldean emandako lehenengo gatazka beliko zinez industriala izan zen. “Gerra total” honetan, bi bandoek euren baliabide guztiak mobilizatu egin zituzten, materialak zein giza-baliabideak. 1937ko maiatza-ekaina artean, “San Pedroko guduan”, indar frankistek errepublikanoen aurkako erasoaldiari ekin ziotenean, inoiz hemen ikusitako baliabideak martxan jarri izan zituzten: Kondor Legioa alemaniarrak bere hegazkinak bidali zituen eta, antza, Corpo Truppe Volontarieko italiarrek tanke eta beldar-kate motako indar motorizatuak erabili zituzten “gorrien” kontra. Egun horietan, San Pedro mendia Bigarren Mundu Gerra izango zenaren praktika-lekua bilakatu zen.

Kondor Legioak “Orduña-Amurrio-Murguía” inguruari buruz egindako ortoargazkien bidezko mapa (iturria: Ávilako Artxibo Militar Oorokorra).
Gerra “supermoderno”, industrial eta global honek sekulako “deshumanizazioa” suposatzen zuen (gerra batek jada deshumanizazioa suposatzen duen arren). Gaur egun, estatubatuar “soldadu-informatikari” batek, distantziaz kontrolatutako drone batekin herrixka siriar bat bondartu dezakeen moduan, Gerra Zibilean distantziazko erasoaldi masiboen “geoestrategia” berri hau indarrean jarri zen. Alfredo González Ruibal arkeologoak, bere Volver a las trincheras: una Arqueología de la Guerra Civil liburuan azaldu bezala, gerra mota berri honek “geopolitika bertikala” eragin zuen: indar hegemonikoek, superpotentziek, airearen, zeruaren eta espazioaren kontrola duten bitartean, erresistente xumeek lurrazpira jo behar izan dute. Ideia honen adibide gisa, Vietnamgo Gerrarengan pentsa dezagun: estatubatuarrek zerua kontrolatzen zuten bitartean, oihanak napalmez erretzen zituzten, vietnamitar gerrillariek euren baseak lurrazpiko zulo eta babeslekuetan eraiki zituzten.

San Pedroko lubaki batzuen gaineko ikuspegia (iturria: Laia G. V.)
Geopolitika bertikal horren adibide argia San Pedroko lubaki-sistema errepublikarrean topatzen dugu. Kasu gehienetan, industu ostean, lubaki-hormen jatorrizko altuera ia 2 metrokoa da eta errepublikar antifaxistek inguruko lurraldearen gaineko ikuspegi mugatua izango omen zutela irudikatu dezakegu. Etsaiak bere alde baliabide anitzak eta bortitzak dituenean, hobe da ondo ezkutaturik egotea…

Lubakian topatutako kandela bat (iturria: Josu S.).
Hala ere, lubakien barneko iluntasunean, argi-ilunak ere existitzen omen ziren eta horren ebidentzia materiala dugu: lubakian, kandela zahar eta primitibo bat topatu dugu, gudari eta milizianoek euren bizimodua eta egunerokotasuna argitzeko erabiliko omen zutena. Lehen inoiz ez da topatu halako objektu hauskor eta “arrunta” gerra-kokagune arkeologiko batean. Dirudienez, egurra jaso bitartean (baita egurra eman eta zabaltzen ziren bitartean), argitasunerako aukeraren bat izango omen zuten, nahiz eta kandela bat sugar txiki eta dardarti batek sortua izan.
Josu S.
(San Pedro 1936-1937 proiektuko kidea)