Jaungoikoa, Aberria eta Erregea: gurutzada galdu baten historia laburra

lugar-desconocido-jose-heredia-hacia-1937

Inauteriak? Ez, Untzagako karlistak, 1936an (iturria: José Heredia, AMVG).

“Jaungoikoa, Aberria, eta Erregea”. Gaurkoan, erreketeak/karlistak: atzoko eta gaurko bidaia politiko-militar zoroak, Tradizioaren izenean

Hasierako irudia jada oso errepresentatiboa da: txapelak, fusilak, bibote eta bizar bizarro eta ordurako obsoletoak… 1936ko Arabako Errekeatearen kideak dira, Untzagan (Urkabustaiz, Araba). Gure aztarnategitik oso hurbil, Uzkianoko herrian, Erreketearen 7. Konpainiaren 76 boluntario ezarri ziren jada gerraren hasieran. Baina, laburki bada ere, zeintzuk ziren erreketeak eta zer demontre egiten zuten frontean une horretan?

frente-de-orduna-unza-soldado-3-ninos-jose-heredia-hacia-1937

Belaunaldiz belaunaldi, erreketea bere familiarekin Urduñako frontean, 1936an (José Heredia, AMVG).

XIX. mendeko Karlistaldiak zinezko “gerra zibilak” izan zen. Gatazka dinastikoak txinparta sortu zuen arren, bi ikusmoldeen arteko talkak izan ziren: Estatuaren “liberalismoak” eta zonade batzuetako “tradizionalismoak” elkarren kontra egin zuten. Gerra hauetan, bando bat ala bestea hautatzeko oinarrizkoa izan zen “kliente-sareak” mobilizatzeko gaitasuna izatea. Landa-inguruetan, tokiko kazikeek euren mesede eta beharren kateak zituzten. Gainera, Elizaren boterea ezbaian jarri ezin zelarik, herrietan katoliko sutsu eta sumisoen masa handia Tradizioaren alde borrokatzeko bermeetako bat zen. (Gerra Karlistak ere arkeologikoki ikertzearen aldekoa da, esaterako, Iban Roldan arkeologo gazte lizarrarra. Hona hemen bere lanetako bat).

fig-3

Villatuertako gotorleku liberalaren indusketa arkeologikoa, 2016an (iturria: Iban Roldan).

II. Errepublikaren garaian (1931-1936), Erreketea “Espainiako milizia politiko boteretsuena” zen (Ruiz Llano 2016: 63). Milaka jarraitzaile zituen eta bi alorretan aritzen zen aldi berean: instituzioetan eta “mendian”. Tradizionalista hauek, noski, erabat gaitzesten zuten sistema errepublikarra, hau liberala eta demokratikoa baitzen. Ia hasieratik, karlismoaren figura nagusiek “konspirazio militarra” babestu egin zuten eta entrenamendu sekretuekin hasi ziren, esaterako, Urkiola eta Urbasako mendietan. Lizarran, esaterako, Fortunato Aguirre (1893-1936) alkate jeltzaleak konspirazioaren berri izan zuen, eta errepublikar autoritateak konbentzitu ezinik, 1936ko uztailaren 18an, indar altxatuek eraildako lehen biktimetako bat izan zen.

frente-de-orduna-unza-jose-heredia-hacia-1937

Arabako erreketeak, Untzaga inguruan, 1936an (José Heredia, AMVG).

Gauzak horrela, “Altxamendu Nazionalak” milaka errekete mobilizatu zituen. Herrietan ehunka gazte (eta ez hain gazte) errekrutatuak izan ziren Gurutzada berri honen alde borrokatzeko. Araba eta Nafarroa izan ziren boluntario gehien mobilizatu zituzten bi lurraldeak, euren goiburua “Jaungoikoa, Aberria eta Erregea” zelarik eta euren jatorri sozioekonomikoa, nagusiki, landa-eremua zelarik. 1936ko udan, Bilbon eta Donostian matxinada militarrak arrakastarik lortu ez zuenez, fronte-lerroa Arabako iparraldean ezarri zen. Bertara heldu ziren hauetako errekete asko. Untzaga eta Uzkiano bezalako herri arabar txikiak izan ziren euren kuartel nagusiak. Hasieran, oso baliabide eskasekin borrokatzen ziren: fusilekin baino ez, euren aitonen gerra galduaren epika erreproduzitu nahi izan zuten, baioneta odoltsu eta grina gerlaria ikurtzat izanik.

imagen-44

Untzagako erreketeak, euren txabola-aterpearen ondoan, 1936an (Aguirregabiria & Tabernilla 2013).

1936ko abenduan, ofentsiba errepublikarrak atzera egitera behartu zien. Une horretan, esaterako, San Pedro mendia utzi behar izan zuten. Hala ere, gailur horretatik oso hurbil zegoen pinudian ezkutatu, gotortu eta etengabeko kontraerasoei ekin zieten erreteek. Ehunka hildako izan omen zituzte. Sakrifizioa eta martirioa euren beste ikurretako batzuk ziren, gaur egun fanatismo itsu bezala kalifikatuko genukeelarik.

imagen-33

Errekeatearen 4. Konpainia, Urduñako frontean, 1936an (Aguirregabiria & Tabernilla 2013).

 Denborarekin, indar boluntario eta zeharo ideologizatu hauek Francoren Ejertzitoan gero eta integratuago egongo dira. Gainera, euren adorea eta borrokazaletasun itsua profitatu nahian, abangoardiazko indarren artean egongo dira beti erreketeak. Milaka hildako izango dituzte gatazka osoan zehar, baina San Pedro mendiko borrokaldietan bezala, Gurutzada (zahar)berritu honen alde dena emateko prest agertuko omen dira. Gerraostean, Garaileen artean izango dira eta horrek hainbat pribilegio eta errekonozimendu izatea esan nahiko duen arren, karlismoa edota tradizionalismoa gero eta korronte marginalagoak izango dira. Gerra sutsu baten galerez gain, Garaipenak ere ez omen zien abantaila handirik ekarriko. Kontraesanak metatuz joango dira, eta, kontraesan horiek sortutako tentsioen froga gisa, 1976ko Jurramendiko gertaeretan, “gerra zibila” karlismoaren barne-barnean emango da, baina, hori jada beste historia galdu bat da.

Josu S.

(San Pedro 1936-1937 proiektuaren kidea)

 

Bibliografia

-Aguirregabiria, J. M. & Tabernilla, G. (2013): El Frente de Álava (primera parte): de la sublevación militar a vísperas de la Batalla de Villarreal, Beta III Milenio, Bilbo.

-AMVG: “Archivo Municipal de Vitoria-Gasteiz”.

-Ruiz Llano, G. (2016): Álava, una provincia en pie de guerra. Voluntariado y movilización durante la Guerra Civil, Beta III Milenio, Bilbo.

Advertisements
Post hau artikulua atalean eta , , , , , , , laburpen hitzekin publikatua izan da. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s