Zer da fronte bat? Mugak eta mugaldeak

img_7849

Araba-Bizkaia arteko muga, San Pedro mendian (iturria: San Pedro 1936-1937)

Oso agerizkoa dirudien arren, esan beharra dago Gerra Zibila 1936 eta 1939. urteen artean eman zela (egia da ere, Euskal Herrian, frontea 1936-1937 artean egon zela). Baina horrek zera esan nahi du: une horretan “gerra egiteko era” zeharo desberdina zen gaurkoarekin konparatuz. Lehenengo Mundu Gerraren esperientzia oso gertu zegoen eta, askotan, gatazka horren beteranoak bilakatu ziren gerra “berri” honen borrokalari eta aholkulari. Francoren Ejertzitoak teknikari alemaniarrak eta italiarrak zituen bitartean, Euzko Jaurlaritzak militar frantziar eta sobietar batzuen aholkularitza izan zuen. Gauzak horrela, 1914-1918ko gerraren antzera, lubakien lerro luzeak ere topatzen ditugu Euskal Herriko fronteetan.

Zer da (garai horretako) fronte bat?

Oro har, bando bakoitza lurralde batean ezarrita egotea zen Gerra Zibileko frontearen logika nagusia. Espainia osoan milaka kilometroko lerro oso bat finkatuta zegoen, Huescako Piriniotatik Extremadurako hegoalderaino. “Muga” moduko bat osatzen zuen. Izan ere, bando bakoitza “herrialde” bezala antolatzen zen. Errepublikaren kasuan, logikoa den bezala, estatu legitimo eta demokratikoa baitzen… Baina, militar altxatuek ere, nahiko laster euren “estatua” eratzen hasi ziren, bere hiriburua Burgosen ezarri zutelarik. Bakoitzak bere txanpon propioa zuen (Euzkadik bere “pezetak” zituen), baita nazioarteko harreman propioak ere. Gainera, Francok espainiar ordu-sistema Alemania naziarekin koordinatu zuenean, orduan, bi “Espainia” horiek ordu-sistema desberdinak ere izatera iritsi ziren.

mapa-guerra-civil

Frontea “muga” gisa. Gerra Zibilaren eboluzioa Espainian (iturria: profebaldomero).

Frontearen eraketa, berez, neurri batean, muga baten eraketaren historia da. Edozein mugan bezala, hermetismoa eta dinamismoa tartekatzen ziren. Zenbaitetan frontean ezinezkoa zen alde batetik bestera pasatzea eta kontrola oso zorrotza zen, baina beste kasu batzuetan, “bi aldeen” arteko kontaktuak eta trukeak nabarmenak ziren. Esaterako, Elgetako frontean, Intxorta mendien inguruan, harremanak ematen omen ziren eta lubaki-lerroak elkarren artean hain gertu zeuden, zein bandoen artean bertso-leihaketak ere egiteko aukerak zeuden…

San Pedro mendia, mugalde gisa

San Pedron muga-lerro anitzek topo egiten dute eta horrek buruhauste ederrak eragin ditzake (behintzat, bertan lan egiten dugunoi, bai). Mendiaren gailurra bi probintzien artean dago zatitua: tarta baten antzera, 4/5ak arabarrak dira (Amurrioko udalerrikoak) eta 1/5a bizkaitarra (Urduñaren mende). (Urduña bera ere, geografikoki interesgarria da, enklabe bizkaitarra baita Araba eta Burgos artean… “Inperialismo bizkaitarraren”  froga?…).

img_7858

Araba-Bizkaia muga (iturria: San Pedro 1936-1937)

Aurten, 2016ko kanpainia arkeologiko honetan, Amurrioko lurretan lan egingo dugu soilik. Hala ere, lurraldetxo hau ere bitan zatituta dago: mendebaldean, Aloriako kontzejuaren lurrak dira, eta ekialdean, berriz, Lezamarenak. Gainera, Lezama, 1976ra arte, udalerri independentea zen, baina azken korporazio frankistak anexionatu eta Amurrioren mende jarri zuen. Desanexiorako saiakuntzak eman dira, baina ezinezkoa izan da… Beraz, gatazken lurraldetxoa ere bada.

mapa-mugak

Mugen konbergentzia. 1937ko udaberriko fronte-lerroa (marroiz). Gure ikerketa-guneak (karratu gorriak) (iturria: San Pedro 1936-1937).

Dena dela, beste muga bat gehitu beharko genioke, hain zuzen ere, gure ikergaia dena: Gerra Zibileko frontea. Hau askoz ere lausoagoa da egun. Lubaki asko desagertu egin dira, bideak aldatu, paisaia osoa transformatu… Larre baketsuen artean zaila da hori “lurralde frankista” edo “lurralde errepublikanoa” ote zen zehaztea. Behien begirada indiferentea dugu erantzun bakartzat eta, momentuz, horrek ez digu asko laguntzen.

Josu Santamarina

(San Pedro 1936-1937 proiektuko kidea)

Advertisements
Post hau 1936-1937, amurrio, araba, arkeologia, gerra zibila, muga, san pedro atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s